BILBAO Ría 2000 sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2024ko maiatzaren 20an Bilbon egindako bileran, ebazpen hauek hartu ditu besteak beste:

 

  1. Galindo-Ekialdea areako RES AL-9 bizitegi-partzela besterentzea eta Amenabar Etxegintza Bizkaia SL enpresak aurkeztutako eskaintzari adjudikatzea, 17.960.940,00 €-ko zenbatekoarekin (BEZa eta gastuak kanpo).

 

Adjudikazio-erabakia jakinarazi eta lau hilabeteko epean, partzela erosteko aukeraren agiria eta/edo salerosketa-eskritura sinatuko dira. Une horretan ordainduko du enpresa adjudikaziodunak eskainitako prezio osoaren % 100.

 

Partzela hori Labe Garaien etorbidearen eta egun eraikitzen ari diren Zamalanda parkearen artean dago, 2.624,1 metro koadroko azalera du, eta gehienez 137 etxebizitza eraiki daitezke, sestra gaineko zazpi solairutan eta teilatupe batean banatuta.

 

 

  1. Estudios y Obras Rekalde SL enpresari esleitzea Guggenheim Bilbao Museoaren pareko kaiko panelak berritzeko obrak, Abandoibarra etorbidean. Kontratuaren zenbatekoa 551.366,33 € da, BEZa eta zergak kenduta, eta hamar (10) asteko epea aurreikusten da lanak egikaritzeko.

 

Kaia babesteko panelak eraberritzeko lanen jarduketa-eremua oinezkoen pasabidetik igarotzen da, Louise Bourgeoisen Maman eskulturaren ondotik, eta kaira sartzeko metalezko eskaileraraino iristen da, Salbeko zubi-bularraren alboan.

 

Kontratazio honen xede diren obrek barnean hartzen dute 32 panel instalatzea itsasadarraren pasealekuko 90 metro inguruko tartean, eta, besteak beste, jarduketa hauek aurreikusten ditu:

  • Obrak behar bezala egiteko kendu beharreko plakak eta bestelako elementuak desmuntatzea edo kentzea itsasadarraren ohantzetik.
  • Panel aurrefabrikatuak ematea, muntatzea, ainguratzea eta eustea.
  • Tresneria metalikoa instalatzea, altzairu herdoilgaitzezkoa.
  • Ukituriko urbanizazio-lerroa birjartzea.
  • Obren inguruan dauden elementu bereziak babestea.

 

2023ko abenduaren 1ean eskatu zen Bilboko Udalak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko emakida, hura izango baita azken titularra obrak egikaritu ondotik, eta une honetan izapidetzen ari dira.

 

Era berean, egin beharreko kudeaketak egin dira aipatutako obrek berezko dituzten arriskuen aseguru-estaldurak izateko, eta baldintzatzaile berezi gisa hartu da Louise Bourgeoisen Maman eskulturatik hurbil egotea.

 

Obra hori finantzatzeko, BILBAO Ría 2000k hitzarmen bana sinatu du Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin eta Bilboko Udalarekin, zeinek 276.500 euro eta 534.754 euro jarriko baitituzte, hurrenez hurren.

 

Obrak udal-zerbitzu teknikoekin eta Guggenheim Museoarekin koordinatuko dira.

 

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru BILBAO Ría 2000ko Akziodunen Batzarrean eta Administrazio Kontseiluaren bileran, eta bide telematikoz parte hartu du, orobat, José Antonio Santano entitateko presidenteorde eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkariak.

 

Gaurko bileran, Juan Mari Aburtok jakinarazi du Bilboko Udalak hitzarmen bat onetsi duela, Bilbo-Santurtzi trenbidea Olabeagako eremuan integratzeko eta, horrekin loturik, Bilboko auzo horretako hiri-eremua berritzea eta berroneratzea xede duten hirigintza-jarduerak garatzeko.

 

Proiektu horretan inplikatutako alderdi guztiek onetsi dute erakundearteko hitzarmen hori. Horrenbestez, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarri ostean jarriko da abian hitzarmena sinatzeko prozesua.

 

BILBAO Ría 2000k Olabeagaren etorkizuneko garapenerako egin duen bideragarritasun-azterlanari jarraikiz, auzoaren hegoaldeko hegalera eramango da trenbidearen trazadura eta estali egingo da. Hala, espazioa libratuko da, dela hirigintza-aprobetxamenduak gauzatzeko, dela Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean eremu horretarako aurreikusitako sistema orokorrak eta lokalak egikaritzeko.

 

Olabeagako geltoki berria auzoaren mendebaldean kokatuko da erdi-lurperatuta, eta bulebar nagusi batek lotuko du, zeinak antolamendu berria zeharkatuko baitu.

Esku-hartze horren ondorioz, auzo berri bat sortuko da, ekipamendu eta berdegune zabalekin, eta 600 etxebizitza inguru eraikiko dira —horien % 40 babes ofizialekoak izango dira—.

BILBAO Ría 2000ko kontseilari berriak

 

Administrazio Kontseiluaren aurretik, Akziodunen Ezohiko Batzar Orokor Unibertsala egin da, eta, saio horretan, kontseilari berriak izendatu dituzte, baita kargu-uzteak erregistratu ere.

 

Kontseilari berriak Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatu Carlos Alzaga eta Sepeseko Ekonomia eta Finantzako zuzendari María Belén Medina dira —hurrenez hurren, Imanol Pradales eta Miguel Ángel Pinoren ordez—.