Nerbioi ibaiko Erriberako Parkearen Proiektuaren lanketaren lehen fasea bukatu da, Barakaldon
BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak bilera bat egin du gaur, eta bertan, beste akordio batzuen artean, informatuta geratu da Nerbioi ibaiko Erriberako Parkearen proiektuaren 1. Fasearen amaieraz, Barakaldon. Proiektua Barakaldoko Udalari bidaliko zaio, honek modu egokian tramitatu eta onartu dezan, obrak lizitatu aurretik.
Kontseiluan Bilbao Ría 2000ko Presidente Juan Mari Aburto, Barakaldoko Alkate Amaia del Campo eta Sozietatearen Zuzendari Nagusi Ángel Nieva egon dira, eta bileraren ostean egindako prentsaurreko batean Barakaldoko esku-hartze horren helburuak aurkeztu dira eta Barakaldo eta metropolirako duen garrantzia nabarmendu da.
Hirigintza- eta paisaia-balio eskerga duen pieza bat da, lagungarria izango dena itsasadarra eta beraren ertzak biziberritzeko; izan ere, erakargarri eta interesgarri bihurtuko ditu herritarren jardueretarako, eta ahalbidetuko du jarduera industrialak denbora luzez okupatu dituen eremu handiak hiri-erabileretarako berreskuratzea; kasu honetan, Bizkaiko Labe Garaiak lantegia izan zen gune hori okupatu zuena.
Proiektuaren lehenengo fase honek 8,5 hektareako azalera bat ukituko du, eta 5,5 M€-ko aurrekontua izango du, BEZa kanpo utzita. Gogoratuko denez, gauzatuko den proiektua BILBAO Ría 2000k 2020an egindako Proiektu Lehiaketaren irabazlea izan zen. Lehiaketa hori irabazi zuen taldearen partaideak Burgos & Garrido Arquitectos SLP eta Typsa Técnica y Proyectos S.A. ingeniaritza-enpresa dira; bi enpresa horiek “Lorategi mugikorra” lemapean aurkeztu zuten euren proposamena.
Une horretatik aurrera udal tramitazioa egingo da, eta horren ostean lizitazioa hasiko da; beraz, aurreikusten da obrak aurtengo bigarren seihilekoan hasi ahal izango direla. Obren iraupenari dagokionez, berriz, kalkulatzen da lehenengo fase honek 18 hilabeteko epea izango duela, gutxi gorabehera.
Proiektua bi fasetan banatu denez, oraindik ere bigarren fase bat geratzen da, gutxi gorabehera hektarea batekoa, Sestaotik gertuen dauden portu-kaien berreskurapenari lotuta. Bada, obra hori uztartuko da Bizkaiko Foru Aldundiak oinezko- eta bizikleta-zaldaina egiteko egingo duen obrarekin, berau ere eremu horretan gauzatzekoa baita.
Pormetxeta Plaza hobetzeko proiektuaren lehen fasea esleitu da
Lehen adierazitakoaz gain, Administrazio Kontseiluak Pormetxeta Plazako esku-hartzearen lehen fasea ere esleitu du; helburua da plaza horretako segurtasun- eta argiztapen-baldintzak hobetzeko jarduera bat abiatzea, Barakaldoko Udalarekin ados jarrita. Obrak Viconsa enpresari esleitu zaizkio, 473.000 €-ko zenbatekoagatik, BEZa kanpo utzita. Bigarren fase batean, garatu beharreko jarduera multzo bat adostuko da Barakaldoko Udalarekin, esparru hori eta beraren ingurunea biziberritzeko xedez.
Orobat, Administrazio Kontseilua informatuta geratu da Sozietatearen ibilera orokorrarekin lotutako beste jarduera batzuez; horien artean, azpimarratzekoak dira Olabegako eremuaren inguruan egindako gestioak eta Barakaldo aldean lurzati berriren baten hurrengo komertzializazioa.
Kontseilura sartutako kontseilari berriak
Azkenik, gaurko Kontseiluan Kontseilari berri batzuk karguaz jabetu eta Kontseiluan integratu dira. Horien artean daude Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Estatuko Idazkari Isabel Pardo de Vera, aurrerantzean Sozietateko Presidenteordea izango baita, eta aipatutako Ministerioko Azpiegituren Idazkari Nagusi Francisco Javier Flores García, SEPESeko Zuzendari Nagusia Fidel Vázquez, eta erakunde horretako Zuzendari Ekonomiko eta Finantzario Miguel Ángel Pino.