Olabeaga

BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak Olabeagako garapen berriaren Bideragarritasun Azterlanaren konklusio nagusiei buruzko informazioa jaso du, gaurko bileran. Sozietate honek koordinatuta, azterlan hori orain dela bi urte horretarako eratu zen erakunde arteko Lantalde baten parte-hartzearekin gauzatu da. Denbora horretan egindako lanari eta lortutako adostasunari esker, datozen urteetan garatuko den auzo berriaren oinarriak adostu dira.

2019an, BILBAO Ría 2000k enkargu bat jaso zuen bere Administrazio Kontseiluaren aldetik, alegia, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agenda (MITMA) Ministerioko, Adif-eko, Bilboko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta BILBAO Ría 2000ko ordezkariek osatutako Lantalde baten eraketa gidatzea.

Lanaren oinarria Fulcrum ingeniaritza-etxeri enkargatutako eta Lantaldeak berak geroago berrikusitako azterlan tekniko bat izan da. Azken horrek, gainera, konklusioak landu ditu modu adostuan.

Olabeagako etorkizuneko garapenerako aukeratutako alternatiba izan da trenbidearen trazatua auzoko Hegoaldean kokatutako mendi-hegalera mugitzea eta trazatu hori estaltzea.; era horretan, espazioa askatzen da hirigintza-aprobetxamenduak eta Bilboko HAPOaren Berrikuspenean eremu horretarako aurreikusitako sistema orokor eta tokikoak gauzatzeko.

Olabeagako geltoki berria, erdi-lurperatuta, auzoko Mendebaldean kokatuko da eta erdiko boulevard batekin konektatuta egongo da.

Bideragarritasun Azterlanaren arabera, operazioaren osoko kostua –trenbidean egin beharreko esku-hartzeak barne sartuta- 75 milioi eurokoa izango da, gutxi gorabehera.

Esku-hartze horren emaitza auzo berri baten sorrera izango da, berdegune zabalekin, ekipamenduekin eta 600 etxebizitza berrirekin, horien ehuneko 40 babes ofizialekoa izanik.

Hurrengo urratsa -jadanik adostua- da MITMAri eskatzea Adif-en linearen trazatuaren aldaketari buruzko Azterlan Informatiboa abiatu dezala, Olabeagaren parean, hori ezinbestekoa baita jardueran aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Azterlan horretatik abiatuta, eremu horren hirigintza-tramitazioa abiatuko da, Plan Berezi bat egitea barne sartuta.

Orobat, Olabeagako hirigintza-garapen berria abiatzeko funtsezkoa den beste elementu bat Erakunde arteko Hitzarmen baten baldintzak zehaztea da, inplikatutako alderdiek bere gain hartuko dituzten konpromisoak ezartzeko.