BILBAO RÍA 2000REN AKZIODUNEN BATZARRAK ETA ADMINISTRAZIO KONTSEILUAK 2024KO URRIAREN 21EAN EGINDAKO BILERAREN PRENTSA-OHARRA
BILBAO Ría 2000ren Administrazio Kontseiluak, 2024ko urriaren 21ean Bilbon bilduta, honako ebazpen hauek hartu ditu beste batzuen artean:
- Fran Víñez Argüeso jauna BILBAO Ría 2000ko Zuzendari Nagusi berri izendatzea, Ángel Mª Nieva jaunaren ordez, zeren honek kargua utziko baitu azaroaren amaieran, erretiratzeko adinera iritsita.
Ángel Mª Nieva 2000ko abenduaren 14an izendatu zuten BILBAO Ría 2000ko Zuzendari Nagusi, eta bere ibilbidean Sozietateak Abandoibarra, Ametzola eta Bilbo Zaharreko jarduketak gauzatu ditu, beste batzuen artean, Basurtu-Santimamiko jarduketa hasi eta bukatu du, eta Urban-Galindoko jarduketarekin jarraitu du –azken hau bukatu gabe dago-. Gainera, azken urteetan, BILBAO Ría 2000k Olabeagako Jarduketa hasi du.
Fran Víñez (Bilbo, 1973) Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik eta 20 urtetik gorako esperientzia du Bilboko Udalean, batez ere Obra eta Proiektu Estrategikoen arloekin lotutako ardura-postuetan. Gaur egun, Bilboko udalaren Proiektu Estrategikoen Bulegoaren Koordinatzailea da, eta, hortaz, proiektu hauen koordinazioa beraren mende daude: Abiadura Handiko Trena Bilbora heltzea eta Abandoko geltoki berria, Zorrotzako trenbidea lurperatzea, Bilboko hiri-estrategia eta Zorrotzaurreko eta Zorrotzako Muturreko hiri-garapenei sostengu estrategikoa ematea.
- Administrazio Kontseiluaren kide berri hauek izendatzea, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa: Susana García Chueca andrea, Mugikortasun Sailburua; Mikel Jauregi Letemendia jauna, Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun Sailburua; eta Nöel d’Anjou Olaizola jauna, Ogasun eta Finantza Sailburua. Azken hori Sozietatearen Batzorde Eragilearen partaidea izatera pasatuko da. Honako hauek ordeztuko dituzte karguan: Mª Aranzazu Tapia Otaegi andrea, Ignacio María Arriola jauna eta Pedro María Azpiazu Uriarte jauna.
- Interbiak, S.A. Foru Sozietatearen eta BILBAO Ría 2000ren artean sinatuko den Hitzarmenaren zirriborroa onartzea, honako zeregin hauetarako: Erandio eta Barakaldo artean oinezkoentzat eta txirrindularientzat eraikiko den Zubiaren Barakaldo aldeko zubi-branka eraikitzeko obrak gauzatzea eta koordinatzea; zubi-brankaren inguruko kaiak eraberritzeko obrak, eta Zamalandako 2. Faseko obrak (Nerbioiko Erribera Parkea), Galindo-Ekialde eremuan, Barakaldon.
Hitzarmen honen bidez, BILBAO Ría 2000k konpromiso hauek hartzen ditu:
- Interbiak sozietateari guztira 3.630.000 € ordaintzea, BEZa barne sartuta.
- Interbiak-en esku jartzea eta aldi baterako uztea bere jabetzakoak diren Galindo-Ekialde Eremuko RES AL-1 (partziala) eta ZV-5 lurzatiak, eremu logistiko, obrako kanpamendu eta pilaketa-espazio gisa –besteak beste- erabiltzeko, hori guztia Hitzarmen honen xede diren obrei lotuta, okupaziorako ezarritako eta Hitzarmen honen bidez 2026ko uztailaren 31ra arte luzatutako gehieneko epea bete arte.
- Interbiak-i aldi baterako uztea ZV-2 lurzatiari dagokion espazioa, bertan egin beharreko obra osoa gauzatzeko: zubiaren zubi-branka, kaiak eraberritzea eta esparrua berriz urbanizatzea.
- Eremuko azaleko urbanizazioa bukatzeko lanak egitea, horren bidez koherentzia eta konexio erlazionala lortzeko Zamalandako Parkearen gainerako esparruarekin eta Itsasadarraren aurreko urbanizazioarekin.
INTERBIAK-EK, berriz, honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Adostutako eremuan sartutako obrak gauzatzea, hots, guztira 109 metro lineal hartzen dituen eremu horretako obrak gauzatzea; bertan, beharrezkoa da kaiak eraberritzea, zeren oso hondatuta baitaude. Interbiak Sozietateak eremu horren barneko obra guztiak gauzatuko ditu, azaleko urbanizazioa bukatzeko obrak izan ezik; izan ere, bi alderdiek hala adostuta, obra horiek BILBAO Ría 2000k egingo ditu, koherentzia eta konexio erlazionala gordetzeko Zamalandako Parkearen gainerako esparruarekin eta Itsasadarraren aurreko urbanizazioarekin.
- BILBAO Ría 2000k lurzati horien okupaziorako ezarri dituen baldintzak onartzea eta gauzatzea, eta lurzatiak beranduenez 2026ko uztailaren 31an libre uztea.