BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak Olabeagako garapen berriaren Bideragarritasun Azterlanaren konklusio nagusiei buruzko informazioa jaso du, gaurko bileran.

Sozietate honek koordinatuta, azterlan hori orain dela bi urte horretarako eratu zen erakunde arteko Lantalde baten parte-hartzearekin gauzatu da. Denbora horretan egindako lanari eta lortutako adostasunari esker, datozen urteetan garatuko den auzo berriaren oinarriak adostu dira.

2019an, BILBAO Ría 2000k enkargu bat jaso zuen bere Administrazio Kontseiluaren aldetik, alegia, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agenda (MITMA) Ministerioko, Adif-eko, Bilboko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta BILBAO Ría 2000ko ordezkariek osatutako Lantalde baten eraketa gidatzea.

Lanaren oinarria Fulcrum ingeniaritza-etxeri enkargatutako eta Lantaldeak berak geroago berrikusitako azterlan tekniko bat izan da. Azken horrek, gainera, konklusioak landu ditu modu adostuan.

Olabeagako etorkizuneko garapenerako aukeratutako alternatiba izan da trenbidearen trazatua auzoko Hegoaldean kokatutako mendi-hegalera mugitzea eta trazatu hori estaltzea.; era horretan, espazioa askatzen da hirigintza-aprobetxamenduak eta Bilboko HAPOaren Berrikuspenean eremu horretarako aurreikusitako sistema orokor eta tokikoak gauzatzeko.

Olabeagako geltoki berria, erdi-lurperatuta, auzoko Mendebaldean kokatuko da eta erdiko boulevard batekin konektatuta egongo da.

Bideragarritasun Azterlanaren arabera, operazioaren osoko kostua –trenbidean egin beharreko esku-hartzeak barne sartuta- 75 milioi eurokoa izango da, gutxi gorabehera.

Esku-hartze horren emaitza auzo berri baten sorrera izango da, berdegune zabalekin, ekipamenduekin eta 600 etxebizitza berrirekin, horien ehuneko 40 babes ofizialekoa izanik.

Hurrengo urratsa -jadanik adostua- da MITMAri eskatzea Adif-en linearen trazatuaren aldaketari buruzko Azterlan Informatiboa abiatu dezala, Olabeagaren parean, hori ezinbestekoa baita jardueran aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Azterlan horretatik abiatuta, eremu horren hirigintza-tramitazioa abiatuko da, Plan Berezi bat egitea barne sartuta.

Orobat, Olabeagako hirigintza-garapen berria abiatzeko funtsezkoa den beste elementu bat Erakunde arteko Hitzarmen baten baldintzak zehaztea da, inplikatutako alderdiek bere gain hartuko dituzten konpromisoak ezartzeko.

 

BILBAO Ría 2000ren eta Barakaldoko Udalaren arteko hitzarmena

1997ko otsailean, BILBAO Ría 2000k eta Barakaldoko Udalak Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zuten bi alderdiek hirigintza eta kudeaketa mailan izango zituzten konpromiso eta betebeharrak garatzeko, zehazteko eta definitzeko, Urban-Galindo eremua garatzeari begira.

Hitzarmen horren indarraldia 2020ko urrian amaitu zen, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2016ko urriaren Legearen eraginez; horregatik, beharrezkoa da

hitzarmen berri bat sinatzea BILBAO Ría 2000k eremu horretan aurreikusita dituen jarduerekin jarraitzeko.

Hitzarmen berriaren helburua da jarduera hau amaitu arte BILBAO Ría 2000k Urban-Galindon aurreikusita dituen jarduerak garatzeko eta horiekin jarraitzeko beharrezkoak diren baldintzak arautzea.

BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak bere oniritzia eman dio gaur hitzarmenaren zirriborroari, berau tramitazio-fasean baitago Barakaldoko Udalaren aldetik.

 

Pormetxeta (Barakaldo) Plaza Biziberritzeko Planaren lehen fasea onartu da

Azken hilabeteotan, Barakaldoko Udalak, BILBAO Ría 2000k eta MTM arkitektura estudioak (hasierako proiektuaren egilea) hausnarketa bateratu bat egin dute, eta horrek Pormetxeta Plaza Biziberritzeko Plan bat erredaktatzera eraman du. Horrela dago jasota Sozietateak Barakaldoko Udalarekin gaur onartu duen Lankidetza hitzarmen berrian.

Plan horren lehenengo fasea jadanik dago onartuta, eta beraren ardatza izango da plazako segurtasun- eta argiztapen-neurriak aldatzea, horren bidez ezabatu ahal izateko Udalak bertan jarritako behin-behineko babes eta prebentzio elementuak.

Fase honek 250.000 euroko kostua izango du, eta honako puntu hauek hartuko ditu barne: plazaren segurtasun-baldintzak erortze-arriskuaren aurrean hobetzea; argiztapen-baldintzak eta segurtasunaren inguruko pertzepzioa hobetzeko beharrezkoa den aurre-instalazioa egitea; plazaren barnealdean egokituta dauden udal lokalen iragazgaizpenak konpontzea; eta beraren behealdearen inguruko hiri-pertzepzioa hobetzea.

Obrek sei hilabeteko gauzatze-epea izango dute, eta Hitzarmenaren onarpenaren udal tramitazioa bukatzen denean esleitu eta hasiko dira.

Guztira, BILBAO Ría 2000k aurreikusi du Biziberritze Plan honetan 1,5 milioi euro inbertitzea. Barakaldoko Udala, berriz, plazan kokatuta udal lokalen erabilera irekitzearen alde arituz inplikatuko da, horren bidez eremu horren biziberritzea bultzatzeko.

 

Urban-Galindoko RES AL-8 lurzatia esleitu da, 13,23 milioitan

Beste alde batetik, BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak Promociones y Construcciones PYC PRYCONSA S.A.ri esleitu dio Urban Galindoko (Barakaldo) RES AL-8 lurzatia, 13.235.505 eurorengatik (BEZa eta gastuak kanpo utzita).

Esleipen hori komunikatzen denetik kontatutako lau hilabeteko epean, erosteko aukeraren agiria eta/edo salerosketa-eskritura formalizatu beharko da. Une horretan, enpresa esleipendunak eskainitako prezioaren zenbateko osoa ordainduko du.

Galindo-Ekialde eremuan kokatutako RES AL-8 lurzatiak 2.613,9 m2-ko osoko azalera du, eta bertan 125 etxebizitza eraiki litezke, zazpi solairutan eta atiko batean banatuta.

Eraikinaren gehieneko altuera 23 metro izango dira (atikoa kanpo utzita), eta baimenduta egongo da merkataritza-lokalak eraikitzea, guztira 1.050 m2-ko azalera batean.

Lurzati hau merkaturatzeko prozesuan, BILBAO Ría 2000k COLLIERS Internationalen aholkularitza izan du.

Besterentzearen bidez lortuko den zenbatekoa BILBAO Ría 2000k Urban-Galindoren eremuan aurreikusita dituen inbertsioak eta hirigintza-jarduerak gauzatzeko erabiliko da, hala nola Galdindo-Ekialdeko Erriberako Parkearen eraikuntza -beraren diseinua iragan urtarrilean aukeratu zen-, Pormetxeta plaza Biziberritzeko Plana –aurreko atalean aipatua- edo Itsasadarraren fronteko kaien erreforma.