BILBAO Ría 2000 SOZIETATEAK BESTE URRATS BAT EMAN DU URBAN-GALINDO PROIEKTUAREN GARAPENEAN ITSASONTZIAK PORTURATU ETA HORIETARA ONTZIRATZEKO NASA BERRESKURATUTA
- Bilbo metropolitarraren hiri-eraldaketan erreferente den sozietateak lizitaziora atera ditu Portuko dartsenaren eta Galindo erreka-ahoaren artean kokatutako 260 metroko nasa lehengoratzeko lanak
- Nasak oso hondatuta daude eta birgaitu egingo dira, Zamalanda parkearen garapenarekin, bigarren fasean, jarraitzeko xedez
- Jarduketak bat egiten du Bizkaiko Labe Garaien kokaleku ziren industria-lur zaharrak berreskuratu eta Urban-Galindo eremuaren garapenarekin aurrera egiteko jarraitzeko aukera eman duen Zamalanda-Itsasadarreko Parkearen inaugurazioarekin, berriki egin dena
Bilbo, 2025eko apirilak 15- Barakaldon, Urban-Galindo proiektuaren garapenean, beste urrats bat eman da BILBAO Ría 2000 sozietateak erreka-ahoan lekutzen diren nasak berreskuratzeko lanak lizitaziora aterata. Bilbo metropolitarraren hiri-eraldaketan erreferente den sozietateak Portuko dartsenaren eta Galindo erreka-ahoaren artean lekutzen den 260 metroko nasa berreskuratuko du, 4,5 milioi euroko gehienezko inbertsio batekin (BEZ aparte). Nasak oso hondatuta daude eta birgaitu egingo dira, Zamalanda parkearen garapenarekin, bigarren fasean, jarraitzeko xedez. Halaber, nasak berreskuratzeak aukera emango du, aurrera begira, itsasontziak (garraiokoak edo ibaikoak, zein aisialdikoak) porturatu eta horietara ontziratzeko.
Jarduketa hori Erandiorekiko lotura egingo duen Bizkaiko Foru Aldundiaren oinezko pasabide baten (txirrinduan ibiltzeko ere aproposa) eraikuntzarekin koordinatuko da.
Horrela, Urban- Galindo inguraldearen garapenak aurrera jarraitzen du, berriki Zamalanda-Itsasadarreko Parkea inauguratu ondoren, Bizkaiko Labe Garaien kokaleku ziren industria-lur zaharren 85.000 metro koadroa berreskuratzea ahalbidetu duena.
Instituzioen arteko adostasuna
Barakaldoko nasen berreskurapena, Galindo erreka-ahoan, Portuko Agintaritzaren, Barakaldoko Udalaren eta BILBAO Ría 2000 sozietatearen arteko erakundearteko akordio baten ostean iritsi da, lehenengo biek, proiektuaren plangintza egin eta berau egikaritzeko, azkenarekin konfiantza agertu ondotik. Proiektu horri dagozkion lanak aurten bertan abiatuko dira, eta Barakaldok aukera izango du itsasadarrean jarduera berriak egiteko, herriko birika berde berria den Zamalandaren alboan. Hain zuzen, proiektu horren bigarren faseak, partzela horren lerrokaduraren eta berreskuratutako nasetako itsasertzaren lerroaren artean sortzen den espazioa urbanizatuta gauzatuko dena, bere izapidearekin jarraitzen du.