Zamalanda parkeko obrak erritmo onean doaz aurrera
Barakaldoko Alkate eta BILBAO Ría 2000ko Kontseilari Amaia del Campok, BILBAO Ría 2000ko Zuzendari Nagusi Ángel María Nievak eta Zamalanda proiektuaren arduradun Ginés Garrido arkitektoak parkeko obretara egindako bisita batean parte hartu dute, kazetariekin batera.
Zamalanda parkea eraikitzeko xedez BILBAO Ría 2000 Urban-Galindo (Barakaldo) eremuan egiten ari den obrak erritmo onean doaz aurrera.
Obra horien 1. Fasearen amaiera aurtengo udazkenerako dago aurreikusita, parkea orduan jarriko baita zerbitzuan.
Espazio berri horretan uztartuko dira, beste elementu askoren artean, lorategiak, aire zabaleko jardueretarako guneak, pum-track pista batez eta patinatzeko pista batez, eszenatoki moduan funtzionatu ahal izango duen plaza handi bat, bizikletaz gozatzeko eta oinez edo patinez ibiltzeko pasealekuak, terrazak eta itsasadarrera irekitako begiratokiak, hiri-hondartza bat, belardi naturalak eta uretako jarduerak.
Hirigintza-, paisaia- eta ingurmen-balio eskerga duen esparru handi bat da, lagungarria izango dena itsasadarra eta beraren ertzak biziberritzeko; izan ere, erakargarri eta interesgarri bihurtuko ditu herritarren jardueretarako, eta ahalbidetuko du jarduera industrialak denbora luzez okupatu dituen eremu handiak hiri-erabileretarako berreskuratzea; kasu honetan, Bizkaiko Labe Garaiak lantegia izan zen horren protagonista.
Gaur egun, gauzatze-fase aurreratuan daude parke hori osatzen duten elementu garrantzitsu batzuk, hala nola Labe Garaien Etorbidea Franco-Belga Konpainiaren antzinako mineral–zamalekua edo Portuko dartsenaren ondoan egongo den erabilera anitzeko pabilioi bat.
Ekipamendu horietatik, ez da bat ere irekiko publikoarentzat 1. Fasea osorik inauguratu arte.
Gaur egun gauzatze-fasean dagoen eremuaren osoko azalera 8,5 hektarea dira.
Zamalanda izenak eremu horretako iragan industriala ekartzen du gogora, bertan dagoen eta BILBAO Ría 2000k 2002an berreraiki zuen antzinako mineral-zamalekuaren bidez islatzen eta zehazten den bezala. Horrekin batera, bertako memoria industriala berreskuratzen duten mugarri informatibo batzuk ere jarriko dira.
Parkearen proiektuaren egileak Burgos & Garrido Arquitectos SLP eta Typsa Técnica y Proyectos, S.A. ingeniaritza-etxea dira, hots, horretarako deitutako Ideia-lehiaketaren irabazleak.
Beste alde batetik, obrak Viuda de Sainz S.L. eta Perica Obras y Servicios S.A. enpresek osatzen duten ABEEk gauzatzen ditu, zeren berak lortu baitzuen BILBAO Ría 2000k 2023an garatutako lehiaketa publikoaren adjudikazioa, 7.042.915,36 eurorengatik, BEZa kanpo utzita.