Barakaldoko erriberako parke berria Zamalanda deituko da
BILBAO Ría 2000k Urban-Galindon eraikiko duen erriberako parke berriaren izena Zamalanda-Parque de la Ría izango da, BIC Bizkaia Ezkerraldean gaur egin den prentsaurreko batean jakinarazi den bezala.
Informazio-ekitaldiak honako partaide hauek izan ditu: Amaia del Campo, Barakaldoko Alkate eta BILBAO Ría 2000KO Kontseilaria; Angel Mª Nieva, BILBAO Ría 2000ko Zuzendari Nagusia; Mikel Alvira historiagilea; eta Pilar Andrés eta Natalia Rotaeche, a_erre design diseinu-enpresakoak.
Zamalanda izenak eremu horretako iragan industriala ekartzen du gogora, bertan dagoen eta BILBAO Ría 2000k 2002an berreraiki zuen antzinako mineral-zamalekuaren bidez islatzen eta zehazten den bezala.
a_erre enpresak egindako identitate bisualaren eskuliburuaren arabera, Zamalanda marka bi elementuz osatuta dago: ikurra eta logotipoa. Horien bidez, identitate sendoa sortu nahi da tokiko herritarren artean, zeren zamalekua, Itsasadarra eta lehengoratutako paisaia irudikatuta geratzen baitira.
Identitate bisualaren eskuliburua egiteaz gain, aplikazioak diseinatu dira seinaleztapenerako eta komunikazio-euskarrietarako, bai fisikoak (liburuxkak eta beste argitalpen batzuk) eta bai birtualak (webgunea eta sare sozialak), eta baita, hala badagokio, sustapen-produktuak ere lantzeko.
Beste alde batetik, Zamalandako ibilbideak barne hartuko dituen elementuen artean, Barakaldo industrialaren eta bere herritarren historiaren zati bat zeharkatzen duen ibilbide emozional bat planteatzen duten panelak jarriko dira. Hori prestatzeko lanetan, Mikel Alvira historiagile lokalak parte hartu du, a_erre-ko diseinugileekin batera.
Urtarrilaren 30ean, BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak parke horretako 1. Fasea eraikitzeko lanak esleitu zituen, hamazortzi hilabeteko gauzatze-epearekin. Burgos & Garrido Arquitectos SLPk eta Typsa Técnica y Proyectos, S.A. ingeniaritzak egin dute proiektua.
Zamalanda-Parque de la Ríak Portuko dartsenaren eta Arrontegi zubiaren arteko erribera-eremua okupatuko du, Urban-Galindo esparruan.
Espazio berri horretan uztartuko dira, besteak elementu askoren artean, lorategiak, aire zabaleko jardueretarako guneak, bizikletaz, oinez edo patinez gozatzeko pasealekuak, itsasadarrera irekitako terrazak eta begiratokiak, hondartza berde bat, belardi naturalak eta uretako jarduerak.
Hirigintza- eta paisaia-balio eskerga duen pieza bat da, lagungarria izango dena itsasadarra eta beraren ertzak biziberritzeko; izan ere, erakargarri eta interesgarri bihurtuko ditu herritarren jardueretarako, eta ahalbidetuko du jarduera industrialak denbora luzez okupatu dituen eremu handiak hiri-erabileretarako berreskuratzea; kasu honetan, Bizkaiko Labe Garaiak lantegia izan zen horren protagonista.
Azken batean, parke honen bokazioa da espazioa Barakaldoko herritar guztiei irekitzea, erabili eta gozatu dezaten. Hori guztia ahalik eta diseinu jasangarrien eta irisgarrienarekin, ingurumena eta baliabideen erabilera zainduz eta etorkizunerako mantenu erraz eta txikiarekin.
Eremuaren osoko azalera 10,7 hektarea dira, eta horietako 9,1 Zamalandarako izango dira.