BILBAO Ría 2000k adjudikatu du Urban-Galdindoko RES AL 16/18 lurzatia (Pormetxeta Dorrea), Barakaldon
BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak Inbisa Taldeko Asua Grupo Inmobiliario S.L.ri adjudikatu dio Urban-Galindoren eremuko Pormetxeta Dorreari dagokion RES AL 16/18 lurzatia, Barakaldon.
Enpresa adjudikaziodunak 13.035.000 euro ordainduko ditu lurzatiaren erosketagatik; zenbateko hori osorik ordainduko du erosteko aukera formalizatzen den unean, hau da, gehienez lau hilabeteko epean.
Adjudikatutako lurzatiak 2.236,67 metro karratuko azalera okupatzen du, eta hirigintza-antolamenduak aurreikusten du bi eraikin eraikitzea, bata 6 solairukoa eta bestea 21ekoa. Merkaturatu ahal izango diren etxebizitzak 120 izango dira, gutxi gorabehera. Lurzatiak gutxieneko azalera bat izango du lokal komertzialetarako, 604 metro karratukoa.
Adjudikazio honek agerian uzten du BILBAO Ría 2000k Barakaldon planak eta proiektuak garatzearen alde hartuta duen konpromisoa, etxebizitza-eraikin berriak, berdegune garrantzitsuak eta kalitatezko espazio libre zabalak sortuz, adibidez: Nerbioiko Erriberan laster eraikiko den parkea eta Pormetxetaren eremuko biziberritzea.
Pormetxeta plazak, gaur adjudikatutako orubean eraikiko den eraikin bereziarekin batera, biziberritutako espazio bat sortu behar du, hirigunea eta itsasadarreko parke berriak konektatuz eta hiri-fluxu berriak sortuz.
Gaur egun, Pormetxeta plazan obren lehenengo fasea egiten ari da BILBAO Ría 2000. Hemendik gutxira, obra horien II. Faserako proiektua itxiko da Barakaldoko Udalarekin.
Beste alde batetik, Barakaldoko Udalak jakinarazi dio BILBAO Ría 2000ko Kontseiluari Erriberako parkearen proiektuaren I. Fasea onartu egin duela. Dokumentu honekin, BILBAO Ría 2000k obren lizitzazioa ireki du berehala, 6.025.730,68 euroko zenbatekoan (BEZa kanpo utzita).
Jarduera handinahi honen I. Fasea Portuko kaiaren eta Rontegiko zubiaren artean dagoen eremuan gauzatuko da, Labe Garaien Etorbidea itsasadarrarekin konektatuz eta trenbide-sarea integratuz. Jarduera honen bidez, hiri-erabileretarako espazio berri bat sortzen da, baita parke handi bat ere. Berau elementu traktore eta dinamizatzailea izango da, eta herritarren erabilera eta gozamenerako balioko du, ur-xaflaraino iritsiz.
Eskaintzak lizitazio honetarako aurkezteko epea irailaren 27an amaituko da, eta espero da urtea amaitu aurretik lehiaketa adjudikatzea eta obrak hastea.
Azkenik, BILBAO Ría 2000ko Kontseiluak jakin du Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak (MITMA) lehiaketa bat abiatu duela Adif-en linearen Olabeagako saihesbideari buruzko Informazio-azterlana kontratatzeko. Azterlan hori funtsezkoa izango da gaur egun hiri-barrera bat sortzen duten lurzoruak libre uzteko, trazatu berri baten bidez; horri esker, lekuz aldatu eta gero, aukera-espazio bihurtuko dira auzo berrirako, orain dela gutxi behin betiko onartu den Bilboko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aurreikuspenekin bat etorriz. Adjudikazioa egiten denean, Informazio-azterlana 18 hilabeteko epean amaituko da.
Bitartean, BILBAO Ría 2000n presentzia duten instituzioek euren azterketa eta lanekin jarraitzen dute modu paraleloan, Informazio-azterlanarekin batera, eta saiatuko dira Olabeagako operazioa ahalbidetzen duten akordioak ixten joatea eta eremu horretako etorkizuneko Master Planerako lehiaketa abiatzeko oinarriak jartzea.