Cargando...

Jarduketak

Basurto – Santimami

BILBAO Ría 2000k bere gain hartu duen operaziorik konplexuenetako bat izan zen. Honako jarduketa hauek hartu zituen barne: trenbidea hirian integratzea, autobiderako sarbideak hobetzea, Babes Zibileko eta Herritarren Segurtasuneko udal-zerbitzuak lekuz aldatzea eta bizitegi-eremu berria eraikitzea.

Basurtu-Santimami operazioaren lehen fasea 2005ean hasi eta 2010ean amaitu zen. Horren bidez, Adif-Zabalera Metrikoko (lehengo FEVE) trenbidearen 2,5 kilometro lurperatu ziren Olabeagako tunel eraiki berriaren eta Gordonizko biribilgunearen artean. Horrela, Basurtu eta Errekalde auzoak ehun urtez baino gehiagoz Bilboko erdigunearekin lotzea zaildu zuen lubakia itxi egin zen.

Trenbidearen trazaduraren hiri-integraziorako obrekin batera, BILBAO Ría 2000k Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen egoitza berriak eraiki zituen, Miribilla auzoan, baita Basurtuko auzo-etxe berria ere, Zankoeta kalean. Lehenago Garellanon zeuden hiru ekipamendu horiek eraitsi egin ziren, bertan 1.100 etxebizitza eraikitzeko. Etxebizitza horien bidez —erdiak baino gehiago babestuak— finantzatu zen operazioa, hain zuzen ere Bilboko Udalak lagatako lurrei esker.

Horrez gain, A-8 autobiderako sarbide berriekiko lotura eraiki zuen BILBAO Ría 2000k. Sarbide horiei esker, garrantzi handiko hiri-berrantolaketa egin ahal izan zen: alde batetik, Sabino Arana kaleko zubibidea desagertu zen, eta, bestetik, unibertsitate-eraikin bat eta San Mames futbol-zelai berria eraiki ziren.

Bigarren fasean, BILBAO Ría 2000k Adif-Zabalera Metrikoko salgaien trenaren trenbidea lurperatu zuen Gordonizko biribilgunearen eta Abusu auzoaren artean, Errekalde eta Irala arteko tunel aizun batekin eta Abusurainoko meatze-tunel batekin.

Obra horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Bilboko Udalarekin, Sustapen Ministerioarekin eta Adifekin elkarlanean jardun zuen BILBAO Ría 2000k, lankidetza-hitzarmen baten bidez.

FITXA

  • Lurperatzearen 1. fasea (Olabeaga eta Gordoniz artean)
  • Lurperatzearen 2. fasea (Gordoniz eta Abusu artean)
  • Basurtu-Ospitalea geltoki berria eraikitzea
  • Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen eraikin berriak
  • Basurtuko auzo-etxe berria
  • Garellanoko parkea
  • Inbertsioa: 297 M€

Basurtu-Santimamiko jarduketak

Basurtuko auzo-etxea
Babes Zibileko eta Herritarren Segurtasuneko eraikinak
A-8rako sarbide berriak
Garellanoko Hiri-Berrikuntza Plana
Adif-Zabalera Metrikoko trenbidea lurperatzea Errekalden eta Iralan
FEVE linearen lurperatzea Basurton eta bere inguruaren urbanizazioa